XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

horretatik, hizkera bat edo dialekto bat aldi berean hizkuntza eremu bat baino gehiagoko partaide izan daitekeela jarraitzen da (Winter 1973: 140); ikus Derynck ere (Melis, Verlinde ampamp; Derynck 1989: 116).

Bonapartek ekialdeko Arakilgo herri bat, Murgindueta, Arakilgo Uharteko aldakira bildu zuen, Sakanako euskarari begira dagoenera hain xuxen: Lakuntza, Arruazu, Arbizu edota Larraungo hegoekialdeko Oderitz, Mugiro eta Baraibarko euskararekin batera gelditu zen Murginduetakoa Bonaparteren lanean.

Egun zail da Murginduetako euskararen izaeraz jabetzea, ez baita ez testurik ez hiztunik, baina Echaideren 1965-7 bitarteko inkesta lexikoetako lanabesak xeheki aztertzen badira, aise ikusten da lexikoaren alderditik bederen, Murgindueta anitzez lotuago dagoela mendiaz bestaldeko Goñerriko hizkerara, bestela esan, Iruñerriko hizkerara, bere ezkerreko Sakanakora baino.

Ez dugu behar bezalako berririk Murginduetako euskaran fonologian eta morfologian zer nolako ezaugarriak zeuden jakiteko, eta oro har, Arakilgo euskarari buruz ditugun datuak urriak direla aitortu beharra dago; gure lanaren helbururako interesgarriena den ekialdeko Arakilgo euskarari buruzko berriak bereziki landerrak eta andurrak dira zorigaitzez.

Lan honek ageri duen ahultasunetarik bat horixe bera da, Arakilgo ibarreko euskara ezagutzeko baliapideetan dugun txirotasuna.

1. Sarrera

Mende honetan Ergoienetik Goñerrira bidean erauntsiak eta lainoak iluntzean harrapaturik blai-blai zegoen emazteki bati seca, seca las errápias ziotson erdara baldarrean bere txabolara sutondora eraman zuen artzain ergoiendar batek; hitz egokia ez etorki gogora!

Urte hamarkada pare bat edo baziren euskaraz mintzatzeko gai ziren azken goñerritarrak mundu hau utziak zirela.

Artean, Goñerriko etxeetara zerbitzura joan ohi ziren neska ergoiendarrek beren artean euskaraz mintzatzen jarraitzen zuten, are gain haietako egonaldietan.

Baina hiruretan hogei urte badu segurik Ergoienetik Goñerrira neskak zerbitzura eta gizonak eultzira joaten ez direla.

Harako trilladora tresnak ere iritsi ziren Urdiainera, esaterako, 1933an (Satrustegi 1967: 101), eta bestalde, uzta biltzeko etxean erriberanesak ere hartzen ziren, Murtxantetik edo Mendigorritik, esan digutenez; hauen iaiotasuna eta lanerako grina goresten dituzte Olloibarko adinekoek; erriberanes hauek urte guztirako etxera mutil etortzea ere ezagutu dute Olloibarren.

Ergoiendarrak, berriz, beren uzta bildu ondoren iganen ziren Goñerrira, gain haietan beranduago zoritzen baita garia.

Arakilgo Urritzolakoak ere berena zoritzean iganen ziren Olloibarrera eta olloibartarrak berena zoritzean Goñerrira.

Altsasuko galdategia iritsi zen lehenik eta Irurtzungo lantegiak ondoren; hauetara laketu zuten sakanarrek.

Andiko gain haietako mazeletako herrietako alorretan agostero ibiltzea ez zen lanbide gozoa gero, abuztuan goizeko hiruretarik gaueko hamaikak artean lan egin behar zen nagusiarendako hiruzpalau pezetaren truke, nagusiak garia zazpi pezeta kiloa salduko zuela jakinik, gainera; inoiz, bestalde, nagusiarenean goseak egon beharra zegoen eta etxe batzuetan tratua gogorra zen.

Goñerritarrek saminki diote peko alderdikoak aberastu zirela eta berek berdin txiro jarraitzen dutela, nahiz, Dorraoko gizon baten gaur egungo ustean, Goñi herria da Nafarroa Garai guztian aberatsena; etxe gotorrak dira goitiko ibarrekoak, berrogei behi dutenak, ukuilu handikoak, zutoin anitzekin.